Gangaramaya Buddhist Temple, Colombo, Sri Lanka
Turisten bidetik irtetzearen, hau da, te plantazioak ikusteko Nuwara Eliya edo Ellara joan beharrean Haputale hautatzearen abantailak.
Haputale berak ez dauka ezer berezirik, inguruko te plantazio eta bertako langile tamilen herrixkak hornitzeko bidegurutzea besterik ez da. Goizean goiz meskitako eta hinduen tenpluko bozgoragailuak norgehiagoka ibiltzen dira, eta iluntzean, afal orduan currydun arroza eskatu ezkero ordu eta erdi itxaron behar izaten da, bereziki eginiko espezia nahasketari esker inoiz jandako curryrik onena dastatzeko.
Noraezean nenbilela, tamilen herrixka batetan bide ondoko dendatxoko tipoak cocacola batera gonbidatu ninduen. ingeles apur bat praktikatzeko parada hartuz: plantazioetako bizitzaz, singhales eta tamilen arteko tentsioaz, kanpotarrek beraiekin hitzegiten gelditzen ez direla, … Azkenean hurrengo egunean herrixkan egingo zen jai hindu batera gonbidatu ninduen, nik kostaldera jotzeko ideia neukan, baina holako aukerak ez dago galtzerik.
Hurrengo egunean herrixkara heltzean kamioitxo baten inguruan jende multzo bat ikusi nuen. Kamioiaren atzekaldetik inklinaturiko bi enbor ageri ziren, eta gehiago gerturatzean … ezin nuen sinetsi begien aurrean nuena, bi gizon bizkarrean sartutako kakoetatik enborretatik zintzilikatu behar zituzten!
Dendatxoko gizonak lan egin beharra zeukan baina bere lagun Sithamparam-en ardurapean utzi ninduen.
Kamiotxoa, bi tipoak zintzilikaturik zituela eta tronpeten erritmora dantzan zebilen jendetza jarraika zuela herrixkaren inguruan bueltaka ibili zen. Zintzilikatuek kriston ero aurpegia zuten, normala horrelako egoeran egonda, trantzean egotea zerbait bada, hori izan behar du. Itxuraz, jainkoek hartuta zeuden eta horri esker jendeak eramaten zizkieten kokoak matxetez zabaltzean nolabait bedeinkatuak gelditzen dira eta aldareetan utzi daitezke.
Kamioia tenplora heltzean herri osoa bildu zen han. Zintzilikatutakoak kontu haundiz jeitsi eta tenplo barrura sartu zituzten. Bertakoek, kakoak banan banan kendu eta tela zati zuri bat pasa zieten bizkarretik, gero zapi hori mundu guztiari erakusteko … odol arrastorik ez.
No comments:
Post a Comment